Haritzalde Naturzaleen Elkarteak antolatuta (eta Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeen laguntzaz) “Zergatik baso erreserba Añarben?” hitzaldia egingo da gaur, ekainak 5 Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Kiko Alvarez biologoak azalduko du erreserba handitzearen eta hobetzearen garrantzia. Gaia Iure Eizagirrek landu zuen Argian, “Gipuzkoako harizti handiena, erreserba izateko zain” artikuluan.
Natur elkarte berak antolatuta 75 lagunek ospatu genuen bioaniztasuna Donostiako uhartean. Haitzetan altxorrak aurkitzeko sekretua azaldu ziguten Aitziber Egaña eta Xabier Rubio Haritzalde Elkarteko kideek, belaunak bustitzeko irrikaz geundenoi: “harriak altxa, ikusi, eta dena zegoen bezalaxe utzi”. Etxera oroitzapenak eraman behar direla patrikan, ez bizidunen etxeak oroitarazi ziguten. Hemen aurkitutako hiritar batzuk:

Aitziber Egaña, itsas izarrak bost oin nagusien azpialdean dauzkan milaka ointxoak erakusten. Oin nagusiren bat galtzen badu, berriz hazteko gaitasuna du. Jateko modal finekoa, muskuiluak jan aurretik besoekin biltzen ditu.

Itsas trikua, behean ahoa eta goian ipurdia. Harkaitzetako alga eta animalia txikiak jaten dituzte Aristotelesen linterna deitutako aho bereziarekin.

Lanpernak animaliak dira, karramarroen ahaideak. Inguruan ikusten den gelatina itxurakoak dira kumeak. Hauek plaktonean flotatzen egoten dira eta aldaketa guztiak egindakoan hondorau eta haitzetan itsasten dira.
Uretatik atera eta uharteari bira eman diogu, haitz artean zelatan. Uharteko sugandilen berezitasuna inguruan jango dituen gutxi izatea omen da, eta beraz neurri handi xamarrekoak ikus daitezke. Hankabikoren batek, ordea, Ibizako sugandilak eraman omen ditu bertara eta sugandila arreak arriskuan dira. Kulturaniztasuna bioaniztasunarekin orekatzea gakoa.

Sugandila arre arra. “Buru handiagoa eta kolore biziagoak ditu. Zergatik? ‘Begira zer guapoa naizen, hemen nago!’ ligatzeko arreta erakartzeko” azaldu die Xabi Rubiok haurrei.

Emea tripa bete arrautz. “Emeak aldiz, txikiagoak dira eta kolore apalagoak dituzte. Zergatik? Oso garrantzitsuak direlako, eta harrapariengandik ezkutatzeko” bukatu du azalpena Rubiok.
Bertako animaliak bixitatzeko hona webgune batzuk:
–Asturnatura.com (gazteleraz)